Opens in a new tab

Euskal Herria | gure koloreak | Euskal selekzioa

Euskal herritarrak gara. Euskal Herria da gure nazioa, eta nazio horrek, Aturritik Ebroraino, zazpi lurralde ditu, baita berezko hizkuntza eta kultura ere.

Herri burujabea izan nahi dugu: burujabetza osoa, euskal herritarroi eragiten diguten alderdi guztiez erabakitzeko. Ez baikara beste inor baino gehiago, baina ezta gutxiago ere; bagara, eta munduko beste edozein herriren pare egon nahi dugu. Horregatik munduan geuk ordezkatzen dugu geure burua, ez beste inork. Bagarelako.

Horregatik diogu, kirol arloan, nazioartean gu ordezkatzen gaituen selezkio nazional bakarra Euskal Selekzioa dela. Egunotan Gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa jokatzen ari da, eta aukera hori aprobetxatu nahi dugu munduari mezu bat bidaltzeko: hau da gure herria, hau da gure selekzioa, hauek dira gure koloreak. Geu gara, euskaldunak. Eta euskal herritarrei deia egin nahi diegu: kalera atera ditzagun gure koloreak eta ordezkatzen gaituzten ikurrak. Ez dugu beldurrik, ez dugu lotsarik nor garen, zer garen aitortzeko.

Gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa jokatzen ari da eta gure selekzio nazionalak ez du bertan jokatzeko aukerarik izan: ez diote uzten, ez diote ofizialtasuna aitortzen. Horregatik, Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta instituzionalei ere dei egin nahi diegu, bakoitzak bere esparrutik edo ahalmen eta eskumenetatik, bultza dezaten Euskal Selekzioaren ofizialtasuna lortzeko jauzi bat; jauzi bat, gure selekzioa normaltasunez lehia dadin nazioarteko txapelketetan, munduko gainerako herrietako beste edozein selekzio bezala.

Bide batez, Euskadiko Futbol Federazioa ofizialtasunaren alde egiten ari den lana txalotu nahi dugu. Eta hori kirol guztietan nahi dugu, bai gizonezkoen bai emakumezkoen kategorietan: izan gaitezen ausartak, izan dezagun anbizioa, aprobetxa dezagun edozein aukera eta egin dezagun jauzi bat. Eta egin dezagun jauzi hori herritarrekin batera, milaka eta milaka herritarrek sentitzen dutelako taupada hau eta prest daudelako ofizialtasunaren bidea sustatzeko. Bidasoaren bi aldeetan herri bera dago, kirola maite eta grinaz bizi duena eta, historikoki, kirola gizartea kohesionatzeko eta komunitatea egiteko erabili duena. Gustuko dugu kirola, gustuko ditugu kirolaren balioak, eta berretsi nahi dugu jarraituko dugula, kirolaren bidez, herria egiten: herri libre bat egiten.

Beraz, hau da gure sentimendua eta hau da gure hautu politikoa. Ez gara beste inor baino gehiago, ezta gutxiago ere. Beraz, kalera, gure koloreekin. Kalera, gure konpromisoarekin. Kalera, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzera eta gauzatzera. Gure aniztasunetik. Bagare, bagera, bagire, bagara. Eta deliberatu dugu izaten jarraitzea.

Gora Euskal Selekzioa! Gora Euskal Herria!