Euskal Selekzioa – Uruguay

Gu ere Bai kirol ekimenak  Euskadiko Futbol Federazioak martxoaren 23rako antolatutako Euskal Selekzioa-Uruguai partidari buruzko iritzia jakinarazi nahi du:

1-Ia lau urte pasa dira futboleko euskal selekzioa zelaian ikusi barik eta hori kaltegarria izan da oso, besteak beste, ofizialtasunaren bidean. Horregatik itxaropenez hartzen dugu Uruguairen aurkako lagunartekoa, inflexio puntua izango delakoan, arerioaren mailagatik eta baita Euskal Herrian estimatuak diren Jagoba Arrasate eta Marcelo Bielsa entrenatzaileen presentziagatik beragatik ere.

2-Ildo horretan, euskal selekzioaren eta, batez ere, ofizialtasunaren alde diharduten eragile guztiei (kirolariei, zaleei, klubetako arduradunei, ordezkari instituzionalei, alderdi zein sindikatuei, e.a.) dei egiten diegu hilaren 23an San Mamesera bertara daitezen. Tourrak Euskal Herria zeharkatu zuenean gertatu zen bezala, eta nazioartean partida honek izan dezakeen oihartzuna kontuan hartuta, abagune paregabea da herri bat garela eta gainerakoekin batera ofizialki lehiatu nahi dugula aldarrikatzeko.

3-Hala eta guztiz ere, sostengu hori ez da antolatzaileen merezimenduen eskutik heldu, arestian aipaturiko hutsunearen arduradun nagusietako bat Euskadiko Futbol Federazioa delako. Abagune franko izan ditu Federazioak euskal futbolaren 2018ko asanbladaren aginduak (Durangon aho-batez onartu zirenak) betetzeko, ofizialtasunaren aldeko taldeekin oraina eta etorkizuna lantzeko, euskal zaleen nahiak asetzeko eta, finean, aurreko Batzordeak eman zituen urratsei jarraipena emateko.

Aldiz, Federazioak ez ditu aginduak bete, ez du gu bezalako plataformekin eta zaleekin inolako hartu-emanik izan nahi eta nazioartean hasitako bidea zokoratu baino ez du egin, hori bai, inolako azalpenik eman gabe.

4-Eta horrekin batera, etxeko ardurez gain, ukaezina da Espainiar Federazioari bidea eman diola Rubialesen agintaldiko beto eta harropuzkeriari, betiere gure arteko agintari batzuen laguntza paregabearekin. Espainiako Federazioak gure egoeraren ardura osoa dauka ofizialtasunaren aurka jardunez, eta diren traba eta tranpa guztiak jarriaz bidean. 

5-Horregatik, berriro diogu, gure babes osoa eskaini nahi diogu kalean zein zelaian bertan euskal selekzioari martxoaren 23an betiere seriotasuna ezinbestekotzat hartuz, partidako deialditik hasita.
Aldi berean, Euskadiko Futbol Federazioari eta euskal instituzioei eskaintzen diegu lankidetzarako prestasuna bidea egiteko, orain arte erakutsi izan dugun moduan eta euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko mahaia osatzeko eskatzen dugu; non, Federazioak, instituzioetako ordezkariak, klubak eta jokalariak eta selekzioen aldeko eragileak batuko liratekeen, eta ofizialtasunaren aldeko bide orria elkarrekin diseinatu eta landu.

Euskal Herritik mundura! ofizialtasuna

comunicado GU ERE BAI! (es)