Ekainaren 26an euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatuko du GU ERE BAI! euskal kirolaren inguruko ekimenak Bilbon antolatuko duen egun osoko egitarauan.
2020ko martxoan, San Mamesen aurkeztu genuen manifestua eta gure ekimena. Euskal kirola eta euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeari ekin diogu tarte honetan, zailtasun guztiak gainditu eta herri honen eskaerari itxura emanez.
Herri bat garela aldarrikatu dugu azken kirol jardunaldi garrantzitsu guztietan, eta orain euskal jendartean -eta zer esanik ez euskal kirolarien artean- nagusi den eskaera Euskal Herritik mundura! eraman nahi dugu.

Euskal Selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko eguna antolatu du Gu ere bai! kirol ekimenak ekainaren 26an Bilbon
Egun osoko egitarauan zazpi ekitaldi nagusi antolatu ditu, Euskal Herritik mundura! lemapean.
Euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko eguna izango da ekainaren 26a (larunbata). Goizean goiz hasita eta arratsalderako kirol eta kultur ekitaldi ezberdinak antolatu ditu Gu ere bai! Euskal kirola sustatzeko ekimenak.
Zazpi ekitaldi nagusi
- Goizeko 10etan Mendi martxa bat abiatuko da San Mames zelaiaren kanpokaldetik. Bilbo inguruko lau orduko ibilbidea izango da, eta bazkalordurako, Arriaga inguruko gune nagusira helduko dira mendizaleak.
- Ordu berean, 70 km inguruko bizikleta itzuli bat aterako da leku beretik. Txirrindulariak Balmasedara joan etorri bat egingo dute, euskal kirolen ofizialtasuna errepidean aldarrikatuz.
- Bilboko Areatzaraino helduko da Euskal selekzioen aldeko itsas martxa ere, ur kirolariek gauzatua: arrauna, kayak, surf, sup, igerilariak….
- Eguerdiko 12:00etan Arriaga antzokiaren aldamenean egongo den eskenatokian Hitzaren kirol nazionala ekitaldia hasiko da. Amets Arzallus, Oihana Bartra, Unai Iturriaga eta Jone Uria bertsolariek saioa eskainiko dute. Hizkuntza eta doinua, neurriak eta errimak hizkuntzaren kirol nazionalean.
- Ordu batetan Herri kirolen txanda izango da Arriagako gunean. Harrijasotzaileak, lasto altxatzea, ingudea eta beste zenbait erakustaldi izango dira bertara hurbiltzen direnen gozamenerako.
- Haurrentzako egitarau berezia egongo da egun osoan zehar. Egurrezko haur jolasak, ipuin kontalaria eta βPrintzesa eta futbolariaβ antzezlanarekin gozatu ahal izango dute Euskal Herriko haurrek, Bilbora hurbiltzen diren neska mutikoek.
- Musikarekin lagunduta, Kalejira bat aterako da arratsaldeko 17:00etan Arriaga plazatik. βEuskal Herritik mundura! Euskal selekzioa / OFIZIALTASUNAβ pankartaren atzetik, Bilboko kale artean hedatuko da kirolari, kirolzale eta euskal herritarren deiadarra. Ekitaldi nagusia, kalejiraren ostean izango da; egunari amaiera eman eta datozen hilabeteetan Gu ere bai! Euskal kirolaren aldeko ekimenak egin asmo dituenak aurreratuz, beti ere Euskal Herriko kirolarien alde eta euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu eta gauzatzeko bidean.

Zazpi aldarrikapen
- Euskal kirola: Ez dugu kirol bat edo bestea bultzatzen, euskal kirola da gure xedea.
- Lurraldetasuna Euskal Herriko zazpi lurraldeetan ari gara, zazpi lurraldeak aintzat hartzen dituen ekimena da gurea, gure aldarrikapena da Euskal Herri osoko kirolari eta kirolzaleona da.
- Hizkuntza Euskara da gure marka. Euskarak egiten gaitu euskaldun. Kirola eta hizkuntza.
- Berdintasuna Gizon eta emakumeen berdintasuna, parekidetasuna aldarrikatzen dugu kirol munduan ere.
- Aniztasuna Aukera berdintasuna, kirolari guztien eskubideak. Normaltasuna helburu.
- Ofizialtasuna Euskal selekzioen ofizialtasuna eta nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko eskubidearen alde ari gara lanean.
- Nazioartekotasuna Euskal Herritik mundura! Hori da gure xedea. Gure kirola, gure kirolariak, gure herria eskubide guztiekin nazioartean aritzeko gabiltza lanean.

Zergaitik Bilbon?
Bilbon aurkeztu genuen GU ERE BAI! Kirol ekimena 2020ko martxoaren 7an, San Mames zelaian. Gero mundu mailako pandemia batek etxealdian sartu gintuen guztiok, baina gure ahalegin guztiak egin ditugu urte osoan gure ekimenak lau haizetara hedatzeko. Guerebai.eus horren lekuko da. Mendi martxak, aldarrikapenak, hitzaldiak, kale agerraldiak, Tourra, omenaldiak, euskal selekzioaren aldeko aldarrikapena eraman dugu futbol estadioetara, frontoietara, soinean, bihotzean. Euskal Herritik ahal izan dugun txokora.
2020. urtean lehenbizi eta 2021. urtean gero Eurokopa Bilbon jokatzekoa zen. Gu ere bai! Ekimenak, euskal selekzioen aldeko aldarrikapena egin asmo zuen nazioarteko lehiaketa honen karietara. Eurokopa ez da Bilbon jokatuko, baina gure aldarrikapenak hor dirau, besteak beste Futboleko euskal selekzioa ez delako arituko nazioarteko lehiaketa horretan. Guk, gure asmoarekin jarraitzen dugu.
Bilboko udalak, Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko aldarri eredugarria gauzatu zuen 2021eko martxoko udalbatzarrean. PNV, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos alderdiek bat egin zuten Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldarriarekin. Gehiengo haundi horrek, bat egiten du Euskal Herrian dagoen selekzioen aldeko jarrerarekin, eta horregatik Euskal Herriko hiririk populatuenak bide hori hartzea publikoki zoriondu eta eskertu nahi dugu.
Aurrera begira | zazpi hilabeteko lana
2020ko abenduan, Euskal Futbol Federazioak Eusko Jaurlaritzaren Kirol zuzendaritzaren sustenguarekin ofizialki eskaera egin zuen FIFA eta UEFAko egoitzetan. Futbolaren eremuan, beste kirol batzuetan bezala euskal selekzioaren ofizialtasuna eta euskaldunon lekua aldarrikatuz. Gu ere bai! Ekimenak bat egin zuen eskaera horrekin, horren alde mintzatu eta kaleratu ginen behin eta berriro, eta urtebeteko epean lanean jarraitzen dugu. Oso garrantzitsua da guretzat egitasmo hori gauzatzea, eta oraindik zazpi hilabete ditugu aurretik, jarritako epemugari erreparatuz, lanean segi eta lorpenak eskuratzeko.
Ilusioa eta gogoa badugu, borondatea nabari da alde guztietatik. Gure jarrera elkarlanarena da, Herri oso baten aldarria delako besteak beste. Instituzioek, kirol erakundeek, kirolariek eta herritarrek bat egin eta Euskal Herritik mundura! gure aldarrikapenak gauzatzeko ordua dela deritzogu.
Euskal Herrian, 2021eko ekainaren 6an
komunikazioa@guerebai.eus