Euskara eta kirola Baionatik Tuterara

Euskararen nazioarteko eguna da abenduaren 3a. Eta Gu ere bai! kirol ekimenak ere garrantzia eman nahi dio egunari, baina urte osoan. Gure taldeetan, kiroldegi, frontoi edo zelaietan euskararen aldarrikapena lau haizetara zabaldu nahi dugu.

Baionatik Tuterara



Jose Angel Iribarren omenaldian bildutako diruarekin egin ziren Euskara eta kirola dokumentalak 80. hamarkadan. Zinema formatuan berreskuratu ditugu 40 urte beranduago, eta San Mamesen Jose Angel Iribar eta Ainhoa Tirapu Athleticeko atezainekin batera ikusi genituen.

1980ko maiatzaren 30ean omenaldia egin zitzaion Jose Angel Iribarri San Mamesen, Athletic Club eta Real Sociedad taldeek jokatutako partidarekin. Atezainak euskarazko kirol-hiztegi bat egiteko eman zuen partida horretan bildutako dirua. Uzeik argitaratu zuen hiztegi hori, 80ko hamarkadaren hasieran, eta kazetari eta euskaltzale ugarik parte hartu zuten hiztegia prestatzeko prozesuan.

Antxon Ezeiza zinema-zuzendariak Ikuska dokumentalak argitaratu zituen garai berean, zine-formatuan. Iribarren ekarpenari esker, ezagutzera eman ziren Mendia eta euskara, Arrauna eta euskara eta Futbola eta euskara film laburrak. Berrogei urte geroago, azken pelikula horretaz gozatzeko eta gaur egun euskarak kirolean duen egoeraz hitz egiteko aukera izango dugu.