Herri bat batera

Une historikoak bizitzeko aukera daukagu kirol mailan eta herri bezala. Athletic eta Erreala finala jokatzen, aspaldiko partez. Euskal Finala.
Zaleak, kirolzaleak, herritarrak batu eta gogoz animatuko ditugu bi euskal taldeak: herri bat batera!
Eta ikurriñak lau haizetara astinduko ditugu, balkoietan erakusteko unea iritsi da, nor garen eta zer nahi dugun adierazteko.

Euskal Finala, derbia eta zerbait gehiago

Gu ere bai! ekimenak Athletic eta Errealaren arteko finalaren harira, hainbat ekimen jarri ditu martxan:

Ikurriñak
Azken asteotan hiriburuetan eta hainbat herritan ikurriñak saldu eta balkoietan jartzeari ekin diogu. Euskal Finalari kutsu aldarrikatzailea gehituz. Herri bat batera! kirol munduan ere.



Wikiderbia
Euskal wikilarien elkartearekin batera, Wikipedian Athletic eta Errealari buruzko edukien lehiaketa antolatu dugu. Anaitasunetik, ahizpatasunetik euskarazko edukiak sortuz sarean, gure historia ezagutaraziz, jendearen partehartzea sustatuz. Sarean ere, kirolaren mundua erakutsiz; munduari gure kirolarien berri emanez.

Euskal Liga 21
Iaz bezala aurten ere bideojokoen lehiaketa antolatu dugu. Fifa21 baliatuz, bost euskal taldeen ligari ekin genion duela aste batzuk, eta apirilaren 4ean, Aberri Egunarekin finala jokatuko da zuzenean Hamaika telebistan.


Euskal Herritik mundura!

Apirilean bertan kirol ekitaldi garrantzitsu gehiago ere izango dira gure artean. Euskal Herriko Itzulia ospatuko da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errepideetan txirrindularitzan.

Emakume futbobolarien Euskal Selekzioak ere, nazioarteko partidetan neurtzeko aukera izango du. Emakumeen kirola ikusgarriagoa egin, Ofizialtasuna aldarrikatzeko une egokia, beste behin.

Eta Athletic-ek beste final bat jokatuko du Bartzelonaren kontra. Herri bat garela erakusteko parada izango dugu, dudarik gabe. Horretan ari gara, eta horretan gogotsu jarraituko dugu.