Ofizialtasuna, lurraldetasuna eta berdintasuna

Euskal Selekzioa Basque Country International women´s cup 2021

Gu ere bai! Euskal selekzioen aldeko kirol ekimena da.
2020ko martxoan San Mamesen aurkeztu genuenetik, manifestua bera eta gure jardunbide guztia norabide horretan landu dugu.

Euskal selekzioa Basque Country International Women´s Cup honetan arituko den honetan, uste dugu une ona dela gure selekzioa animatu eta ofizialtasuna aldarrikatzeko.

Euskal Herrian urte asko daramatzagu euskal selekzioaren aldeko lanean. Jokalariak, klubak, gizarte eragileak, administrazio ezberdinak zeregin horretan batu eta bide orri bat adosten ari gara. Lantzen. Eta emaitza, egiten dugun lanaren ondorio izango da.

Emakumeen kirola, emakumeen selekzioa berdintasunaren alde egiten dugun urrats bakoitzaren ostean etorriko da. Mugimendu feministak ondo erakutsi digu zer lortzeko gai den, eta orain ere emakumeen indarra eta gaitasuna beste behin ere nazioarteko txapelketa honetan ikusiko dugu. Gure kirolarien maila, gure selekzioaren gaitasuna. Gure aukerak baliatzeko gogoa.

Euskal Herritik mundura!


Euskal Herriak selekzio ofiziala izateko eskubidea dauka
, munduan beste askok bezala. Txapelketa ofizialetan parte hartu nahi dugu, beste kirol batzuetan egiten dugun bezala. Eta hori lortu arte ez dugu etsiko!

Azaroko mutilen partidan bezala, orain ere ezingo dugu gure aldarria zelaian ozen egin, baina gure etxeetatik ere, euskal selekzioa animatu eta ofizialtasuna, berdintasuna eta lurraldetasuna aldarrikatuko ditugu.
Euskal Herritik mundura abiatu nahi dugulako, kirol ezberdinetako euskal selekzioekin batera, gu ere bai!

Basque Country International women´s cup 2021