Euskal kirolariok gure koloreak janzteko eskubidea aldarrikatzen dugu Bilboko kirol anitzeko lehiaketan eta Europako Triatloi txapelketetan

Irailaren 17tik 24ra bitartean egingo dira Bilbon Kirol Anitzeko 2022ko Europako Triatloi Txapelketak. Europa osotik etorritako hiru mila atleta espero dira. Triatloia, Duatloia, Akuatloia eta abar daude programan. triatlonbilbaobizkaia2022.eus

Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da herrialde bakoitzeko uniforme ofiziala erostea eta erabiltzea. Eta ez selekzioetako edo eliteko kirolariek bakarrik, atleta popularrek ere bai, guzti-guztiak (Open frogan izan ezik). Beste modu batera esanda, euskal kirolariok uniforme rojigualdo espainiarra edo trikolore frantsesa  janztera behartzen gaituzte.

Espainiako Triatloi Federazioarekin (FETRI) kontsultatu dugu eta erantzun digute uniformetasun araua betetzen ez duena deskalifikatu egingo dutela eta lehiaketatik kanpo utzi, hasi baino lehen ere bai.

Gutariko askori  iraingarria eta umiliagarria iruditzen zaigu Euskal Herrian antolatzen eta ordaintzen duen txapelketa batean horrelako baldintza bat ezartzea.
Euskal Herriko kirolariok gure selekzioarekin  eta janzkera propioarekin parte hartu beharko genukela deritzogu. Nolanahi ere, besterik ezean, bakoitzak bere klubeko jantziarekin edo nahi duenarekin  parte hartu ahal izatea bermatu beharko litzatekela uste dugu.

Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Aldundiari, Bilboko udalari -froga hauek sustatu eta lagundu dituztelako besteak beste-, alderdi politikoei eta Triatloi Federazioei eta kirol talde ezberdinei indar egin dezatela eskatzen diegu bidegabekeria hau gauzatu ez dadin. Aldi berean, txapelketetan parte hartzera animatzen ditugu Euskal Herriko atletak, eta zentzuzkoa den eskakizun hau azkeneraino eramatera.  

erabili #gurekoloreak etiketa sare sozialetan eta zabaldu!

Gauza bat da segurua: irteera puntuan egongo garela modu batera edo bestera. GURE KOLOREAK eta aldarrikapenak kirol frogan egongo dira. Espero dezagun zentzuna nagusituko dela eta parte ahal izango dugula beste guztien baldintza berdinetan.

Gaur gaiari buruzko informazio hau zabaltzen dugu, baina GU ERE BAI! kirol ekimena eta Euskal Herri osoko kirolariak elkarlanean ari gara gure kirolariak, gure koloreak eta gure herria nazioartean onartuak izan daitezen. 

Los deportistas de Euskal Herria queremos participar con nuestros colores en los campeonatos de Europa de triatlon que se celebrarán en Bilbao