EUSKAL SELEKZIOAREN ALDEKO GIZA KATEA DEITU
DUTE UZTAILAREN 14AN, HENDAIA ETA IRUN ARTEKO
ETORBIDEAREN ZUBIAN
Zazpi Baietz, Gu ere Bai! eta Gure Eskuk asteburuan ere mobilizazioak
eta herri-argazkiak egiteko deia egin dute

Zazpi Baietz, Gu ere Bai! eta Gure Esku mugimenduek Euskal Selekzioaren aldeko giza
katea egingo dute, uztailaren 14an, 17:00etan, Hendaia eta Irun arteko Etorbidearen
Zubian, “Gure herria, gure selekzioa, gure koloreak” lelopean. Hiru mugimenduek Euskal
Herriko selekzioaren aldeko hainbat ekimen sustatu dituzte azken asteotan, Munduko
Futbol Txapelketaren testuinguruan, eta indarrak batzea erabaki dute hilaren 14an mezu
argi bat zabaltzeko: nazioa gara, gurea Euskal Selekzioa da eta horiek dira gure koloreak.
Eta leku sinbolikoa aukeratu dute horretarako: Irun eta Hendaia arteko Etorbidearen Zubia.
Izan ere, hiru mugimenduek nabarmendu nahi dute, mugaz gaindi, hemen herri bat
dagoela, Euskal Herria, zazpi lurraldez osatutakoa, berezko hizkuntza eta kultura dituena,
eta herri honek bere selekzioa nazioarteko txapelketetan modu ofizialean lehiatzen ikusi
nahi duela. Ildo beretik, bien bitartean, Euskal Herriko herri eta auzoetan, Euskal
Selekzioaren aldeko mobilizazioak eta herri-argazkiak egiteko deia egin dute.
“Gure selekzioa, emakumezkoena zein gizonezkoena, kirol guztietan modu ofizialean lehia
dadin nahi dugu. Eta uste dugu gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa aukera
ezinhobea dela aldarrikapen hori zein Euskal Selekzioarekiko gure atxikimendua kalera
ateratzeko”, adierazi dute Zazpi Baietz, Gu ere Bai! eta Gure Eskuk. “Beraz, uztailaren
14an, mezu argi eta edonork ulertzeko modukoa zabalduko dugu: Euskal Herrikoak gara,
herri burujabea nahi dugu, eta horrek kirol arloan esan nahi du gure selekzioak munduko
gainerako selekzioekin normaltasunez txapelketa ofizialetan leihatzeko aukera izan behar
duela. Horregatik, herritarrei egunotan Euskal Selekzioaren koloreak kalera ateratzeko eta
eragile sozial, politiko eta instituzionalei ofizialtasunaren bidean jauzi ausarta egiteko dei
egin nahi diegu”, gaineratu dute.
Hiru deitzaileek Euskal Selekzioaren aldeko mobilizazioak eta herri-argazkiak egiteko deia
egin dute azken asteotan, eta deialdiak oihartzun zabala izan du: Algortan, Plentzian,
Portugaleten, Leioan, Basaurin, Errekalden, Gasteizen, Oiartzunen, Donostiako Antigua,
Egia eta Parte Zaharrean, Elgoibarren, Bergaran, Lasarte-Orian, Hendaian eta beste hainbat
lekutan mota horretako ekimenak egin dituzte herritarrek. Datozen egunotan, ildo beretik
jotzeko, Euskal Selekzioari atxikimendua adierazteko mobilizazio eta herri-argazkiak
egiten jarraitzeko eta irudi horiek partekatzeko eta sare sozialetan zabaltzeko deia egin
dute Zazpi Baietz, Gu ere Bai! eta Gure Eskuk.
“Kalera atera gaitezen gure koloreak jantzita, harrotasunez. Ez gara inor baino gehiago,
ezta gutxiago ere: euskal herritarrak gara eta Euskal Selekzioak ordezkatzen gaitu. Eta
uztailaren 14an goazen denok Hendaia eta Irun arteko zubira, Euskal Herriko eta Euskal
Selekzioaren ikur eta elastikoekin, alai eta jai giroan, geure sentimendua eta geure
borondate politikoa adieraztera: gure herria, gure selekzioa, gure koloreak. Bagare, bagera,
bagire, bagara!”, gaineratu dute.