Euskal selekzioa animatu
ofizialtasuna aldarrikatu

Gu ere bai! Euskal selekzioen aldeko kirol ekimena da.
2020ko martxoan San Mamesen aurkeztu genuenetik, manifestua bera eta gure jardunbide guztia norabide horretan landu dugu.

Euskal selekzioak datorren azaroaren 16an Costa Ricaren kontra jokatuko duen partidaren aurrean, uste dugu une ona dela gure selekzioa animatu eta ofizialtasuna aldarrikatzeko.

Euskal Herrian urte asko daramatzagu euskal selekzioaren aldeko lanean. Jokalariak, klubak, gizarte eragileak, administrazio ezberdinak zeregin horretan batu eta bide orri bat adostu behar dugu.

Euskal Herritik mundura!

Euskal selekzioaren partidu hau, Euskadiko Futbol Federazioak Durangoko batzarrean erabaki historiko bat hartu ostean dator. Bi urte pasa dira, aho batez euskal futbol taldeek UEFA eta FIFA erakundeetan gure selekzioaren ofizialtasuna eskatzea adostu zutenetik. Bi urte igaro dira, baina oraindik nazioartean urrats hori emateko moduan gaude. Nazioartean gure eskaria egiteko garaia da.

Euskal selekzioa maite eta babesten dugunok, zeregin horretan laguntzeko prest gaude. Eta horregatik Futbol federazioari, euskal administrazioari eskaera hori egin, eta bide horretan laguntzeko prest gaudela adierazi nahi dugu.



Euskal Herriak selekzio ofiziala izateko eskubidea dauka, munduan beste askok bezala. Txapelketa ofizialetan parte hartu nahi dugu, beste kirol batzuetan egiten dugun bezala. Eta hori lortu arte ez dugu etsiko!

Aurten ezingo dugu gure aldarria zelaietan ozen egin, baina gure etxeetatik ere, euskal selekzioa animatu eta ofizialtasuna aldarrikatuko dugu. Euskal Herritik mundura abiatu nahi dugulako, euskal selekzio ezberdinekin batera, gu ere bai!

Euskal Herritik mundura! guerebai.eus