Euskal Selekzioa kirolarion eskubidea delako. Euskal selekzioa eta ofizialtasuna aldarrikatzen dugu, herriz herri, kirolez kirol, egunez egun. Atzo eta gaur. Beti. Zuk ere bai!
Zelaian, kiroldegian, kalean, erakundeetan, klubetan, federazioetan, nazioarteko bulegoetan… gure herriaren, gure kirolarien eskubidea delako.
Euskal Herriko kaleetan, kiroldegietan gure aldarrikapena ikusgarri egiteko horma irudi edo mural hau prestatu dugu. Deskargatu pdf hau, inprimatu eta horman itsatsi. Eta ikusgarritasuna emateko lau haizetara zabaldu, argazkiak egin, sare sozialetan partekatu. Erakutsi diezaiogun munduari, euskal selekzioa eta ofizialtasuna aldarrikatzen duen herria dela gurea.
Euskal Pilota Federazioa onartu dute Nazioarteko euskal pilota federazioan. Urte luzetako borroka eta bidea izan da, eta azkenean 2024ko abenduan hori ere lortu da. Alde horretatik, GU ERE BAI! Euskal Herriko kirol ekimenak, lan horretan jardun diren guztien kuraia eta adorea eskertu nahi ditu; bidearen emaitza delako hori, helmuga garrantzitsua gure euskal pilota nazioartean ofizialtasunez onartzeko lanean.
Euskal Herri osoko pilotariak, zaleak, entrenatzaileak, prestatzaileak, kazetariak, gurasoak eta kirolzaleak poztu gara albistearekin, baina ez da besoak gurutzatuta geratzeko unea. Lanean jarraitu behar dugu, gogotsu. Euskal Herri osoko pilotariak bere baitan hartu, lurraldetasuna errespetatuz, eta jokatzeko aukera emango dien euskal selekzioaren alde.
2026an Argentinan, eta 2030. urtean Euskal Herrian ospatuko diren Pilota Mundialetan gure gaitasuna eta antolaketa erakutsi behar diogu mundu osoari. Eta horretan, buru belarri lanean jardun beharko dugu guzti guztiok.
Euskal selekzioen ofizialtasunaren alde urrats garrantzitsua da hau. Ez soilik euskal pilotarena, euskal kirol guztiena baizik. Eta langintza horretan jardungo da aurrerantzean GU ERE BAI! ekimena ere, orain arte bezala.
Kirolez kirol, Euskal Herri osoan lorpen handien bila. Parte hartzea da garrantzitsuena, eta gu horretan jo ta ke arituko gara, zelai, kiroldegi eta frontoietan. Plazan, kalean zein bulegoetan. Zorionak eta mila esker guztioi! Gora Euskal Herriko selekzioak!
Sokatira mundiala Getxon, Euskal Herrian. Eta zorionez, euskal selekzioak lehiatzeko aukera paregabea izaten ari dira. Lehiatu eta irabazi ere bai. Euskal kirolariak sekulako erakustaldia egiten ari dira egunotan Getxon. Gure taldeak, eta Euskal Herriko selekzioak ordezkaritza ofiziala daukate mundu mailan. Gure kirolariak, Euskal Herria ordezkatzen ari dira munduaren aurrean, eta gainera maila onena emateko aukera daukate.
Euskal selekzioa eta ofizialtasuna
Nazioartean maila ona erakutsi eta gero lortu zen Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna. Borrokatu eta gero lortu zen nazioarteko federazioan gure federazioaren ofizialtasuna. Eta aurten nazioarteko frogak Euskal Herrian antolatzea lortu da gainera, eta orain gure euskal selekzioak -orain arte bezala- zertarako gai den erakutsi du bere herriaren aurrean.
Gu ere bai! euskal kirol mugimendua pozik dago egindako lanarekin, euskal kirolarien konpromisoarekin eta euskal taldeen mailarekin. Instituzioak, kirolariak, federazioak eta herritarrak norabide berdinean gaude, eta hori erakusten ari gara munduaren aurrean. Harro egoteko moduko kirol herria da gurea, Euskal Herria.
Gu ere bai!Euskal selekzioen aldeko kirol ekimena da. 2020ko martxoan San Mamesen aurkeztu genuenetik, manifestua bera eta gure jardunbide guztia norabide horretan landu dugu.
Euskal selekzioak datorren azaroaren 16an Costa Ricaren kontra jokatuko duen partidaren aurrean, uste dugu une ona dela gure selekzioa animatu eta ofizialtasuna aldarrikatzeko.
Euskal Herrian urte asko daramatzagu euskal selekzioaren aldeko lanean. Jokalariak, klubak, gizarte eragileak, administrazio ezberdinak zeregin horretan batu eta bide orri bat adostu behar dugu.
Euskal Herritik mundura!
Euskal selekzioaren partidu hau, Euskadiko Futbol Federazioak Durangoko batzarrean erabaki historiko bat hartu ostean dator. Bi urte pasa dira, aho batez euskal futbol taldeek UEFA eta FIFA erakundeetan gure selekzioaren ofizialtasuna eskatzea adostu zutenetik. Bi urte igaro dira, baina oraindik nazioartean urrats hori emateko moduan gaude. Nazioartean gure eskaria egiteko garaia da.
Euskal selekzioa maite eta babesten dugunok, zeregin horretan laguntzeko prest gaude. Eta horregatik Futbol federazioari, euskal administrazioari eskaera hori egin, eta bide horretan laguntzeko prest gaudela adierazi nahi dugu.
Euskal Herriak selekzio ofiziala izateko eskubidea dauka, munduan beste askok bezala. Txapelketa ofizialetan parte hartu nahi dugu, beste kirol batzuetan egiten dugun bezala. Eta hori lortu arte ez dugu etsiko!
Aurten ezingo dugu gure aldarria zelaietan ozen egin, baina gure etxeetatik ere, euskal selekzioa animatu eta ofizialtasuna aldarrikatuko dugu. Euskal Herritik mundura abiatu nahi dugulako, euskal selekzio ezberdinekin batera, gu ere bai!
Gu ere Bai ekimenakGame Erauntsia Elkartearekin bat egin du FIFA20 Euskal Liga sortuz. Apirilaren lehenengo bi asteetan gauzatuko den online txapelketa honen bitartez euskal bideo-jokozaleen komunitateak euskal kirolariak eta euskal selekzioak aldarrikatuko ditugu etxetik. COVID-19ak gure gizartean sortutako egoerak euskal selekzioaren aldeko ekintzak online izatera behartzen gaitu, eta logikoa denez, Game Erauntsia prest dago e-kirolen bitartez ekimen honetan online laguntzeko.
Gure euskal ligan soilik bost futbol talderekin jolastuko dugu: Alaves, Athletic Club, Eibar, Real Sociedad eta Osasunaren gizonezkoen plantillak, izan ere, Electronic Arts-en bideo-jokoak ez ditu emakumezko taldeak eskaintzen, selekzioak salbuespen.
Izen ematea
Txapelketa PlayStation 4 plataformaren bitartez gauzatuko da eta FIFA20 jokoa eta interneteko konexioa beharrezkoak izango dira. Parte hartzeko, honako Game Erantsian izena eman beharko da.
Web atarian izen ematea burututakoan, jarraian txapelketan izen eman behar duzu. 5 txapelketa daude, euskal talde bakoitzeko bana. Jokalari bakoitzak txapelketa bakarrean parte hartu ahal izango du. Hauek dira txapelketa bakoitzeko loturak:
Lehiaketak hiru fase izango ditu: lehenengo fasea (apirilak 1-5) taldeko txanda garatuko da, lehiakide kopuru mugarik gabe. Lehenengo fasearen bost irabazleek ligaxka bat jokatuko dute (apirilak 6-10) eta lehenengo laurak finalerdietara pasako dira. Finalerdiak apirilak 11n jokatuko dira eta FINALA apirilaren 12an izango da, Aberri egunarekin bat eginez.