Euskal kirolarien hizkuntz eskubideen alde, Bai euskarari!

Ez da aspaldi GU ERE BAi! ekimena San Mamesen aurkeztu genuela.
Euskal Herriko 1250 kirolari baino gehiagok sinatutako manifestua jendaurrean ezagutzera eman genuen zelaian bertan, martxoan.

Gu ere bai!, euskal kirolaren aldeko ekimen bat da. Gure kirolariak hemen eta munduan euskaldun bezala agertzeko eskubidearen aldeko taldea da. Disziplina ezberdinetan; sokatiran edo txirrindularitzan, errugbian edo mendi lasterketetan, saski baloian eta herri kiroletan, surfean ala futbolean… euskaldun bezala agertu nahi dugu munduaren aurrean. Euskal selekzioen ofizialtasunaren alde lan egiteko sortu dugu. Euskal kirola bultzatzeko. Kirolariak babestu eta klub eta federazioekin batera lan egiteko.

Munduan herri bat erakutsi nahi dugu,
eta gure herrian kirol mundua babestu

Horregatik, kirol mundua eta euskararen arteko lotura oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Euskara gure ikurra da. Euskarak egiten gaitu euskaldun, baina hizkuntzak egiten gaitu munduko ere. Zelaian erakutsi nahi dugu hori, kalean bizi nahi dugu euskaraz, entrenamenduetan erabili nahi dugu gure hizkuntza, eta hedabideetan hitz egiten dugu, eta sare sozialetan kontatzen dugu sentitzen duguna. Guk guztiok: kirolariok, kirolzaleok, entrenatzaileok, klubetako kideok, kirol froga ezberdinak antolatzen ditugunok…. mundu bat gara, eta euskaraz bizi nahi dugu. Kirola euskaraz bizi nahi dugu. Bizi dugu eta jarriatuko dugu horretan.

Gaur, San Mamesen elkartu gara gure kirolariei babesa eta elkartasuna adieraztera. Euskararen kontrako erasoak kirol mundura ere heldu dira. Mehatxuak. Jazarpena. Gogoan dugu Gaizka Garitanok, bere hizkuntzan ari zelako partida baten osteko adierazpenak eten, altxatu eta prentsaurrekoa utzi zuenekoa. Bere eskubideak urratuak ikusi zituen. eta bere argitasun horrekin, zuzen eta egoki, elegante pentsatzen zuena esan eta jokatu zuen. Eskerrik asko Gaizka, eredu zara, eta hemen gaudenok badakigu.

Asko hunkitu ginen, duela gutxi… zelai honetan bertan Aritz Adurizen agurrean. Athleticen horrenbeste bizipen izan dituen jokalariak, bere agurra euskara hutsez egitea erabaki eta egini egin zuen. Zelai honetan bertan, ahaztezina izango den 2020ko konfinamenduaren ostean, koronabirusaren alarmaren erdian… herri honetan, mundu osoan bezala, egoera oso berezi bat bizi izan dugunean. Zorionak eta eskerrik asko Aritz Aduriz. Ez dugu ahaztuko, beti gogoan izango zaitugu jokalari eta euskaldun bezela.

BAI EUSKARARI

San Mames eta euskara. Futbola, kirola… gure hizkuntza.
1978. urtean San Mames zaharrean burutu zen BAI EUSKARARI jaialdia. Ez ahazteko data eta ospakizuna. Mundu bat batu zen hemen euskararen alde.
Askok gogoratuko duzue gainera, Euskal selekzioak Irlandaren kontra jokatu zuela San Mamesen, Bai euskarari kanpainaren barruan.
Euskal selekzioa eta Irlanda zelaian. Palkoan Garaikoetxea lehendakaria, Bai Euskarari kantuaren egilea izan zen Telesforo Monzon, ikastoletako ordezkariak, Euskaltzaindiako idazkari nagusia…. orduan ere euskal ereserkia ozen entzutea debekatu zuten. Euskaldunok 4 eta 1 irabazi genion Irlandari.

20 urte beranduago, 1998ko abenduan… San Mames, Mendizorrotza, Sadar, Anoeta eta Miarritzeko Agilera estadioetan BAI EUSKARARI ospatu genuen berriz ere. Kirol Estadioak euskararen topagune bilakatu ziren, euskal herriak Bai esan zion Euskarari, bizitzari, etorkizunari….

2020an, San Mamesen, Euskal Herrian, gure zelai eta kirol guneetan, aldageletan, frontoietan, mendietan, itsasoan…. BAI EUSKARARI adierazi nahi dugu. Bai, gure kirolarien hizkuntz eskubideei, BAI adierazpenak euskaraz egiteari, Bai euskaraz entrenatu eta jokatzeari, BAI kirola euskalduntzeari, Bai KIROLA ere euskaraz bizitzeari.

Eskerrik asko gaurkoan hemen batu zareten guztioi, eskerrik asko egun hauetan jokalariei sustengua, babesa, elkartasuna adierazten ari zareten guzti guztiei, sare sozialetan, hedabideetan, lagunarteko solasaldietan… gure hizkuntza bizirik mantetzenko, guk ere Beñat eta Mikelek bezala… burua eta bihotza baliatuko ditugu. Eta euskaraz arituko gara, gu ere bai!

Orain… ekitaldia bukatzeko… kirolean euskaraz ari diren, aritzen diren, aritu nahi duten guztien alde… txalo zaparrada haundi bat egingo dugu, hemen San Mamesen… eta mundu guztiaren aurrean.

Gora euskal kirolariak!!

Gora gure hizkuntza den euskara!

Gora Euskal Herria!!